Ekitaldi Jasangarria

 

Vital Fundazioan garapen jasangarriarekin konprometituta gaude. Keinu txikiek ere balio dutelako. Horregatik, Vital Egunak “Erronka Garbia – Ingurumenaren aldetik Jasangarria den Ekitaldia” ziurtagiria izan dezan lan egiten dugu. Horrelako ekitaldi bat diseinatzeak ingurunean duen eragin negatiboa murriztea esan nahi du eta ekitaldia atsegina izan dadila antolatzaileentzat nahiz bertaratuentzat.

Zer da ingurumenaren aldetik jasangarria den ekitaldi bat?

Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren arabera, ekitaldi jasangarria da ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak minimizatuz diseinatu, antolatu eta gauzatu dena, eta erakunde antolatzaileentzat nahiz tartean dauden eragileentzat ondare positiboa uzten duena.

  • Vital Eguna osatzen duten jarduera guzti-guztiak oinarri hori kontuan hartuta diseinatu dira. Horiek guztiek gure ingurunean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten saiatu gara, ingurumen-aztarna murrizten lagunduko duten ideiak edo elementuak ezarriz.
  • Adibidez, Enpresa Lasterketa hiriko erdigunera itzuliko da (Andre Maria Zuriaren plaza), garraio publikoko sarearen barruan baitago, eta Egibideko boluntario-taldeak laguntza emango du ekitaldiaren karbono-aztarna kalkulatzeko. Era berean, mezu elektroniko bat bidaliko zaie ekitaldietara joango diren guztiei, garraio jasangarrien erabilera sustatzeko eta gomendatzeko.
  • Kontzertuen energia-kontsumoa dela eta, udal-sarerako konexioak lehenetsi ditugu, hartara, jatorrian berme-ziurtagiria duen energia berriztagarria bermatu da.
  • Vital Egunak karbonorik gehitzen ez duen ekitaldia izan nahi du, eta jarduera berdeak sortuko ditugu karbono-aztarna konpentsatzeko.
  • Vital Egunaren ezaugarriak dituen ekitaldi batek hondakin kopuru handia sortzen du. Horregatik, beharrezkotzat jo dugu hainbat birziklatze-gune jartzea egingo diren jardueretan. Gainera, edizio honetan, Vital Egunak hondakin kudeatzaileak izango ditu, kontzertuetarako bereziki kontratatuak.
  • Beste adibide on bat Vital Eguna eratzeko erabiliko diren azpiegiturak eta elementuak izango dira, gehienak berrerabilgarriak izango baitira (bannerrak, roll upak, photocalla, besteak beste).

Nola aritu zaitezke gurekin lankidetzan

Zuk ere lagun diezagukezu Vital Eguna ingurumenaren aldetik jasangarria den ekitaldi bihurtzen! Hona hemen oinarrizko jarraibide batzuk:

  • Mugikortasuna: Hurbil zaitez Vital Egunera garraiobide jasangarrietan. Oinez, bizikletaz edo garraio publikoko sarea erabiliz etor zaitezke.
  • Ura: Kalitate oneko ura dugu. Horregatik, erabil ezazu hornidura-sarea eta saihestu ezazu botilaratua. Ur iturriak aurkituko dituzu Vital Egunean, edozein ontzi berrerabilgarri bete ahal izateko.
  • Hondakinak: Saihestu alferrikako hondakinak sortzea eta erabili gure jardueretan instalatuko diren edukiontziak. Gogora ezazu, papera edukiontzi urdinera, beira berdera, ontziak horira eta hondakin organikoak laranjara.

Erronka Garbia

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak Erronka Garbia metodologia garatu du, Vital Eguna bezalako ekitaldiek ingurumenean eragiten dituzten inpaktu negatiboak minimizatzen laguntzen digun prozedura, mugikortasunean, energian, uretan, azpiegituretan, erosketetan eta hondakinetan duten eragina optimizatzen duten hainbat ingurumen-hobekuntza inplementatuz.